Sinatu HAI (Euskera)

Migratzaile eta errefuxiatuen giza eskubideen urraketari eta horren zigorgabetasunari buruzko
Herrien Auzitegi Iraunkorra (HAI) antolatzeko deia nazioartean.

 

Migratzaile eta errefuxiatuek ekarpen garrantzitsua egin izan diote hamarkadaz hamarkada Europako garapen ekonomiko eta politikoari, baita nork jatorri-herrialdeari ere. Batzuk gose greba egiten ere hasi dira euren oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko (familien berrelkartzea kasu); eta atxiloketa eta deportazioaren kontrako borrokan ere aritu dira buru-belarri. Horietako askok, gaur gaurkoz, jarraitzen dute euren giza eskubideak berresteko borrokan; horien artean daude dokumentaziorik ez duten migratzaileak, oraindik ere beren seme-alaben eskubideak aldarrikatzen dihardutenak. Gauza bera gertatzen da etxeko zerbitzuetan lan egiten duten pertsonekin, Europan nekazaritza-jornalari lanetan dihardutenekin (sektore informalean bizirauten), edo eraikuntza sektorean gure etxeak egiten dituzten langileekin. Gauza bera gertatzen da turismoaren industrian (hotel eta catering zerbitzuetan) lan egiten duten pertsonekin, lan sexualean dihardutenekin, edo itsasontzi zein petrolio-plataformetan lan egiten dutenekin.

Agerikoa bezain gutxi baloratua da Europako zenbait politika kolonialek ezartzen duten eskala handiko erauzketa (nekazaritzan, meatzeetan, petrolio-sektorean, arrantzan) eta lursailen pilaketa. Merkataritza askea ahalbidetzeko eta inbertsioak babesteko itunak inposatzen dituzte, betiere, nazioz gaindiko enpresen etekinerako. Politika horiek dira lurraldeetan ematen den arpilatzearen erantzuleak, baita milaka pertsona euren jaioterritik kanporatzearen errudunak ere. Klima aldaketa eragiten ari den produkzio- eta kontsumo-sistema kapitalistaren eragina ere ez da behar beste kontuan hartzen; eta ez zaie behar besteko garrantzia ematen egun gertatzen ari diren gerrei, herrialde txirotuenetako herritar babesgabeenengan eragin neurtezina daukaten horiei.

Europan, Hegoalde Globaleko eta Europa erdialde zein ekialdeko eskualdeetatik gatozen migratzaile eta errefuxiatuok -(batzuk hemen izan gara berrogei urtez bizitzen eta lanean, beste batzuk orain dela gutxi etorri dira)- Europar Gotorlekuaren eraikuntzan izan diren etapa ezberdinen lekuko izan gara. Urterik urte kontinentean eraikitzen ari den bazterkeria politikaren lekuko izan gara. Politika horrek giza eskubideen zein herrien eskubideen atzerakada eragin du; herritarrak kanpatzera behartzen ditu, bortxaz atxilotu eta erbesteratu egiten ditu, Europako hego zein ekialdeko muga militarizatuetan kriminalizatzen ditu. Egoera horren ebidentziarik larriena dira desagertuta dauden pertsonak, baita Europako mugetara iritsi nahian heriotza topatu duten milaka haur zein anai-arreba ere. Gizadiaren kontrako krimen onartezina da hau. Migratzaile eta errefuxiatuak kriminalizatu egiten dira, gero eta gehiago; bereziki egoera irregularrean dauden horiek. Ondorioz, diskriminazioa, bazterkeria, esplotazioa eta eskubideen urraketak ugaritu egiten dira migrazio-prozesuaren etapa guztietan. Heriotzari ihes egiteko jaioterria atzean uztera behartuta dauden pertsonen errealitatearen testuingurua ez da aztertu ere egiten, eta estereotipoak erabiltzen dira behin eta berriro pertsona horien errealitateak sinplifikatzeko. Horrek guztiak areagotu egiten ditu migratzaileen eta horien familien kontrako intolerantzia, arrazismoa, xenofobia, lgtbfobia… eta, sarritan, muturreko indarkeriaren bitartez islatzen dira iragate-egoeran dauden pertsonen kontra, baita asentamendu-herrialdeetan ere.

Haiekin batera, guk ere geure protesta ikusarazi nahi dugu giza eskubideak ukatu egiten diren edo larriki urratuta dauden honetan. Eta, Mediterraneo Itsasoan zein Europarako beste zenbait bidetan milaka pertsona hiltzen ari diren honetan, gizadiaren kontra etengabe egiten ari den krimenaren aurkako protesta ere ikusarazi nahi dugu. Protesta egitearekin batera, Herrien Eskubideen aldeko aldarria ere egin nahi dugu; azken hamarkadetan geure herriek, nork bere jaioterrian borrokatuz, sortu dugun giza altxor partekatua baitira Herrien Eskubideak. Guk geuk eraiki baititugu; nahiz migratzaile eta errefuxiatuok geure bizi-bidaian, nahiz Europako herritarrok.

Hala, Transnational Migrant Platform Europe (TMP-E) plataformak, Zentro Filipinarrak, ACATHII eta Transnational Institute erakundeek prestakuntza-prozesu bat hasi genuen abenduan. Prozesuaren helburua da HERRIEN AUZITEGI IRAUNKORRA DEITZEA, ezinbestekoa baita jatorri ezberdinetako migratzaileei, ezin bortxatuzko eskubideen subjektu diren heinean, ikusgarritasuna ematea eta migrazio-ibilbide osoan erantzukidetasun-“katea” identifikatu eta epaitzea; izan ere, hura da migratzaileen giza eskubideen urraketaren eragile nagusia. Esperantza dugu, horrela, premiazkoa den justizia ekarriko duten neurri egokiak identifikatu eta sustatuko direla.

Testuinguru horretan, Auzitegiak honakoa ahalbidetuko du:

  • Migratzaile eta errefuxiatuen komunitateek eskubideek egindako proposamenak erregistratu eta dokumentatzea;
  • Migratzaile eta errefuxiatuek jasan dituzten eskubide urraketak entzun eta ikusaraztea;
  • Migratzaile eta errefuxiatuen desplazamendu behartuen kausa sakonak elkarrekin aztertzea (merkataritza eta inbertsio arloko itunak, erauzketa globala eta ekoizpen-kate globalak barne);
  • Gobernuen erantzukizuna zehaztea, baita Europar Batasunarena eta Europako bestelako organismoena ere;
  • Korporazioek ekoizpen-kate globalean zein mugen erregimenean duten rola bideratzea;

Behetik eraiki nahi dugu prozesu hau, inplikazio handiena duten eta kalterik handiena jasaten ari diren pertsonen parte-hartzeaz baliatuta. Horregatik, prozesu honekin bat egiteko deia luzatzen diegu migratzaile eta errefuxiatuen erakundeei, baita gaur egun muga ezberdinetan geratzen diren giza eskubideen eta herrien eskubideen urraketak salatzen diharduten sare eta plataformei ere; guztien helburua baita migratzaile eta errefuxiatuak protagonista dituzten borrokak babestea. HAIaren bilkuraren bultzada Bartzelonan izango da, 2017ko uztailaren 7 eta 8an, eta lehendabiziko Audientzia 2017ko abendurako aurreikusita dago, 2018an bigarren Audientzia bat egiteko asmoz. Bidaia honetan albait sektore gehien bil dadin nahi dugu; ez soilik espainiar estatuaren mugen baitan, baizik eta Europa osoko eta jatorri-, iragate- zein helburu-herrialdeetatik ere bai.

  • Transnational Migrant Platform Europe (TMP-E)
  • Platform of Filipino Migrant organisations in Europe (Commission for Filipino Migrant Workers (CFMW), Geneva Forum for Filipino Concerns, Centro Filipino-Barcelona, Kasapi-Hellas)
  • MDCD (Morrocan Platform in Europe) ( Euro-Mediterraan Centrum Migratie & Ontwikkeling (EMCEMO),  Al Maghreb, CODENAF, IDD, Khamsa, Migration et Developpement, Na’oura)
  • Social Development Cooperative-Ghana, Africa Roots Movement, Kromantse Foundation
  • RESPECT Network Europe
  • ECVC – Coordinadora Europea de Vía Campesina
  • Associació Catalana per la integració d’homosexuals, bisexuals i transexuals inmigrants (ACATHI)
  • Carovane Migranti
  • Comitato Verità e Giustizia per i Nuovi Desaparecidos
  • Entrepueblos/Entrepobles/Entrepobos
  • Espacio del Inmigrante
  • Fotomovimiento
  • Institut de Drets Humans de Catalunya
  • IRIDIA
  • Mujeres Pa’lante
  • NOVACT
  • Observatorio de Multinacionales en América Latina (OMAL)
  • Sindicato Popular de vendedores ambulantes
  • Stop Mare Mortum
  • SOS Rosarno
  • SUDS
  • Tanquem els CIEs Barcelona
  • Transnational Institute (TNI)
  • Tras la Manta
  • Unitat contra el feixisme i el racisme (UCFR)

List of endorsements

Harremanetarako: pptribunal_eu@riseup.net